XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Don Manuel LECUONA (1 hasia)

Hauen jokabidea ikusita, diot aurrena, gaurko nere hitz hauek omenalditxo bat izan nahi dute, beste hainbeste apaizentzako; ta hoien artean bere anai Don Martin ospetsu, jator ta langillearentzako.

Hauen jokabidea ikusita; honek hainbeste urteetan zear, eraman izan duan bidea ikusita, hau da neri bihotz barrendik datorkidana: Merezi, merezi du.

Merezi du euskaldun izateak, herri honek era hontako semeak sortu arazi ta eman ditualako.

Merezi du euskaldun izateak, gizon serio, langile, eramankor, ixil, bihotz zabal, hetsipen-zail ugari izan ditualako, ta gaur ere bai ditualako.

Merezi du hainbeste gorabehera, larri-aldi, gogortasun, pekatu ta dohai izan dituan herri honek, aurrera beti atera dalako.

Merezi du, gaur ere, hainbeste iskanbilla, eztabaida, zatiketa, burruka, biolentzi ta abar ibilli izan arren, aurrera aterako geran itxaropenak, bide eragille bihurtzen geralako.

Merezi du euskaldun izateak, gure kondairan aberastasun haundia aurkitzen degulako; gure sustraiak ugalmen-ahalmen haundia dualako; gure herritarrak lur zabalean ikutu bereiziak utzi dituztelako.

Merezi du kristau izateak, gizonaren galdera sakonei erantzuteko biderik egokiena izanaz, gizon hauek giza-pauso benetakoak ematera eraman ditualako; herriaren alde, kondairan itsatzirik geldituko diran lanak egitera, eraman ditualako, bide berriak, betiko diranak, bide sustraiak ireki ta jarrai dituztelako.

Ez zan behintzat berdiña izango gure herriaren kondaira, bere mami ta aberastasunean, gizon hauek beregan izan ez balira.

Ta dudarik gabe, ez zan berdiña izango gizon hauen bizitza emankorra, sinismendun izan ez balira.

Merezi du kristau izateak, hauen eskeintza ixilla alperrikakoa izango ez dan segurantzia ematen digulako; bizitza hauen ugalmena, aitortzen dualako.

Pozgarria da Berri On hori, gizonaren barrena indarberritzeko.

Bizigarri ederra ta kementsua, gizonaren bihotza eginkor bihurtzeko.

Merezi du sinismenak, heriotza bizitza berri baten hasiera bihurtzen dualako; ta elkartasun, batasun bidera behin-betiko dei bero egiten digulako, giza-bizitzaren aurka, sinismendun danak inoiz ere jokatu ezin lezakelako.

Merezi du apaiz izateak, besteen zerbitzurako bokazio dalako, eliz-gizon izendaturik ta sagaraturik, Kristoren Elizari munduan bere eginkizuna betetzen, laguntzen diotelako, Eliza ta kristautasuna kultura ta herribizitzan itsatsi nahi izan dituztelako.

Herrigintza garrantzitsu, aurrera eramateko eragozpen, apaizgintza gertatu ez zaielako.

Gizartearentzako ta herriarentzako bide-lagun apal, ta adiskide izateko, ahalegiñak, egin dituztelako.

Apaiz hauek Elizarekiko jokabide leial ta zintzoak izan dituzte; batzuetan esker-on haundirik hartu gabe; nahiz ta zorionez aitortu behar, azken urte ugaritan, eliz-giroan ere txalo ugari izan dituztela.

Uste det egia au ere, aitortu behar degula.

Horregatik, labur izan nairik: Nere dolu-minik haundiena Don Manuelen familiari, hain jator zaitu dezuten familikoei.

Bainan baita ere, zorionik beroena, gizon hau tarteko izan dezutelako.

Hor tartean ere sartu nahi nuke, Oiartzungo herri maitea.

Don Manuel ona: Ziur nago, Jaunaren ondoan zeru haundian zerala.

Jarrai ixil-ixilik gure alde erreguan ta ekintzan.

Iritxi ezaiguzu, ez dezagula galdu iñoiz ere bizitzarako poza, bihotzbarrengo leialtasuna, ta sinismendun bezela, gure herriarekiko maitasun bizia.

Hala bedi.